viernes, 19 de octubre de 2012

Nere bidearen bila




Egunak pilatuz doaz amaierarik gabeko itsaso honetan, eta nik, E. Galeanoren utopien moduan egiten dut aurrera: zerumugara inoiz iritsiko ez garela jakin arren, aurrera egitearen ilusio soilaz. Halakoak baitira utopiak eta ametsak, ukitzen zailak, zehazten zailagoak eta konplitzen ezinezkoak.

Baina hala egiten dut aurrera, auskalo zeren bila lur exotiko urrunetara. Ez dakit ondo zergatik edo zertara, eta noiz eta norekin galdetzea alferrik da. Nire ipurdia belaontzi batean eserita dudalaz baino ez nago ziur eta erantzunak bilatu ordez, galderak pilatzen ditudanetik, bidaia honen helmuga noiz eta non izango den ere ez dakit. Baina horretan datza bidaiatzearen xarma, ziurtasunez ahaztu eta enigmen munduan bidea egitean. Kontua ez baita norabait iristea, bideak ematen duen plazer eta aukerez gozatzea baizik.

Hala erabaki dut, ahal dudan bitartean behintzat, hegazkinik ez hartzea, garestia eta kutsakorra izateaz gain, bidea bera egitearen plazerrik ematen ez duelako. Ez dakit baina, eta galderak pilatuz eta pilatuz doaz, airez bidaiatzeari uko egitea, oinak lurrean edukitzeko izango den!

No hay comentarios:

Publicar un comentario