lunes, 8 de octubre de 2012

Lehen inpresioak Casablankatik


Ustekabean hasi da dena. Ezer gutxi pentsatu eta gutxiago antolatuta ikusten dut nire burua Algeciraseko portuan, bizkarrean motxila eta eskuartean txirrinda dudala. Atzean uzten ditut hogei orduko autobus bidaia, bukatu gabeko mila lan eta agurtu ez ditudan hainbat lagun. Aurrean, oraindik ez dakit zer dudan. Oraingoz behintzat, buruan daukadan plan bakarra txirrinda hartu eta 40km-ra dagoen Gibraltarreraino iristea da, han bait daukat hitzordua duela astebete interneteko foro batean ezagututako belaontzi baten kapitainarekin.

Aduana pasa eta britainiar hirira sartzeko aireportuaren pista zeharkatuta, segituan aurkitzen ditut moila eta ondorengo asteetan etxea izatea espero dudan belaontzia. Barruan daude Robert kapitaina (Brasil), Francesco (Italia) eta Robert (Herbehereak). Biharamunean gara abiatzekoak.

Berehala argi gelditzen dira bakoitzaren rolak: kapitaina kapitain da eta berak agintzen du hemen. Hemendik aurrera diziplina eta obedientzia praktikatu beharko! Amarrak askatu eta haizearen esperoan, motorrez egiten ditugu lehen orduak. Tarifaren parera iristerakoan, hegoaldera jotzen dugu, ilundu baino lehen, ontzi erraldoiek gurutzatzen duten Gibraltargo itsasartea lehen bait lehen zeharkatzeko. Iluntzerako Marokoko kostaldean gara, galderaz beteriko abentura honen hasieran.

Afaldu eta segituan, ipar-ekialdeko haize bufada hasi da. Kapitainak aparatu elektronikoen (radarra, AIS, GPS, irratia, pilotu automatikoa…) funtzionamendua azaldu eta gaueko txandak banatzen ditu: bi ordu guardian eta bi lotan, beti ere beste baten laguntzarekin. Nekeak-neke, ederra da gaua: 15 korapiloko popako haizea, milaka izar zeru oskarbian eta motorrik gabe nabigatzearen lasaitasuna. Ezin ezer hoberik espero lehen gau honetarako.

Egunsentian haizeak behera egiten du, arrantzan egiteko aukera emanez eta hasiberriaren suerteagatik edo, bazkaltzeko prestatuko dudan atun (atunidoa behintzat) koxkor bat segituan harrapatzen dut. Eguraldi onak eta haize lasaiak, irakurri eta idazteko denbora ere ematen dute. Ai, bizitza egunero horrelakoa balitz!!

Goizaldean gara Casablancara iristekoak eta gaua ere lasaia izango dela ematen du: haizerik gabe, oihalak jaitsi eta pilotu automatikoaren laguntzaz ordu beteko txandak egingo ditugu bakarka, hiru orduko loaldi luzeak egin ahal izateko. Goiz-partean baino, oihuek esnatzen naute eta begiak irekitzeko denborarik gabe, kantzontziloetan agertzen naiz kubiertan. Argirik gabeko sare batean gelditu gara harrapatuta! Ez da baino, labain on batek konpondu ezin dezakeen ezer!

Aparteko arazorik gabe iritsik gara portura. Dutxa eder bat eta siesta ederrago bat botatzeko ordua da. Gabon denoi eta izan untsa!












2 comentarios:

  1. Ondo, ondo! Beste bidai bat kapituluka irakurtzeko lantokiko bulegotik (Zendo)

    ResponderEliminar
  2. Ba ahalik eta denbora gehienez entretenitzen saiatuko naiz!!! Besarkada bat eta ikusi arte!!

    ResponderEliminar