martes, 13 de noviembre de 2012

Marokoko istorioak

Gaueko nabigazioak ekiditeko, Safi, Essaouira eta Immensouanen geldialdi estrategikoak eginez, Casablanca atzean utzi eta astebetez nabigatzen dugu hegoaldera, Agadirko portua eta ondo irabazitako astebeteko deskantsuaren bila.


Gaueko 1:00ak. Lauren artean txanpon bakar bat ere ez eta portura iristeko ez daukagu autostop egitea beste erremediorik. Berandu baino lehen, leihatila jaitsi eta hortz zuriko auto-gidari gazte batek beste ezer baino lehen, zera esaten digu:

-           - Je suis Aladin et elle est ma princesse.

Atea ireki eta barrura sartzeko keinua, bere mundu magikora salto egiteko gonbidapena eta zentzu handi batean, Marokon bizitako hilabetearen esperientzien deskribapen zehatza ere bazen: surrealista eta sorpresaz betea.

Nonbait drogak gehiegi gustatzen zaizkion idazlearen ipuinaren protagonista izatea egokitu zait eta lehenengotik azken pasarteraino okurritu zaizkion erokeria guztiak sufritu behar izan ditut.



Bazen behin, denbora asko eta lotsa gutxi zuen marinel gazte bat, zeinek...

Lehenengo pasartean, labetik atera berriko arrain bandeja baten inguruan,  bizitzako lehen hitzak ikasiko zituen errusieraz, etxera afaltzera gonbidatu zuen Aladin printzeak, arabieraz eta errusieraz soilik jardungo baitzuen.

Jarraian, Siriako gobernuak tripulazioaren erdia baino gehio bere kartzeletan nahi zituen merkatal-ontzi bateko kapitainak, arratsalde osoko bidaia turistikoa egingo zion ontziko txoko eta sekretuen barrena. Siriarrak izaki, munduko ate guztiak itxita zeuzkaten marinelok, inongo portuetan ontzitik jaisteko baimenik ez zutenez, desesperazioz edo berri freskoak jasotzeko irrikaz, edozer gauza egingo baitzuten gure Jon han ahalik eta denbora gehien eukitzeko.

Hirugarren pasartean berriz, ur magikoetan bainatuko zen, auskalo zein bakteria, plakton edo dena delakoek, mugitzerakoan dirdira magikoz argitzen zuten uretan. A ze gaua eta ze bainua medusa horrek besoa ederki erreko zion arte! 

Ospeari ohore eginez, “Caralho”-ka esnatuko zen hurrengo goizean Marokoko surfaren Mekan. Oraingoan berriz, kapitainaren hizkera anbiguoan, caralhok ez zuen poza edo plazera esan nahiko, edozein surflariren ametsetako olatuak ontziaren gainean lehertzera zioazela baizik!

Eta itsasoetako ipuin ero hau bukatzeko, zer Afrika iparraldeko mendirik garaienean oina jartzea baino hobeto!















Tizi n'Tubqal (4.167m)







No hay comentarios:

Publicar un comentario