viernes, 23 de noviembre de 2012

Le surprise est mille fois meilleurs que le rondez-vous

Turistaren ikuspegitik, betidanik pentsatu dut herri bat bertan bizi den jendeak egiten duela eta ez monumentu, museo edo parke naturalek eta Mendebaldeko Saharan eginiko egonaldiak, ez dit sentimendu hau mila bider handitu besterik egin. 

Marokoko kolonoak gehiengoa diren herrialdean, hasieratik neukan argi saharaui bat ezagutzeko erabili beharreko estrategia. Gaztelera besterik ez dakien turista espainol (zenbat kostatzen duen hori idazteak!) bat izan beharko nuen eta gazteleraz dakien norbaitengatik galdetu. Ez nuen uste baina, nire teknikak hain azkar emango zituenik bere fruituak! Hala, etxean anaiatzat hartu nauen saharaui baten hitzek, ortografia akats eta guzti, ezin lukete egoera hobe adierazi: "le surprise est mille fois meilleurs que le rondez-vous". 

Saharara bidean, Agadir-eko (Moroko hegoaldeko) geltokian egin nuen lehen saiakera eta autobusean hanka bat sartu baino lehen, jaso nuen La Aaiun-go (M. Saharako hiriburua) familia baten etxean ostatu hartzeko gonbidapena. Jakina orduan ez nuela Nazio Batuetako ordezkaritzak bisita historikoa egiten ari zela eta ejertzitoa, literalki, hiriko izkina guztietan zegoelaren berririk. Agian, era paketsuan egin nahi zen manifestazioa ejertzitoak hain bortizki desegingo zuela lehenagotik jakingo banu, ez nintzen hiriko auzo saharaui eta borrokalarienera joango. Zorionez, ezjakintasuna ez da beti txarra eta familia ikaragarri maitagarri batekin bizi eta disfrutatzeko aukera izan dut. Orain ordea, ezin dut nire estrategia perfektuak ekarri ninduen etxe honetatik ateratzeko modurik aurkitu. Egun pare bateko egonaldia, bost egunetara luzatu zen lehenengo, gero astebetera eta dagoeneko hamar egun egin ditut hemendik atera ezinik! Izan ere, ez da hain erreza ezer ez izan arren, guztia ematen duen jendearengatik aldentzea. 


Eta egia da, La Aiun-en ez dago ezer, 24 orduz guardia pareak zaintzen duen ur-txorrotako errotonda kasu. Ez museorik, ez monumenturik eta ez ezer. Jendea soilik, jende on-ona. Lanik ere ez duen jende xume eta jatorra. Tea hartzen dutenak edo eguna itzaletan eserita pasatzen dutenak. Ematen du umeek ez dutela eskolarik, helduek lanik eta zaharrek non egonik. Badirudi hemen inork ez duela egiteko ezer eta agian, horregatik izango da leihotik zelatatzea nire denbora-pasa gogokoena bihurtu dela. 

Horrela, kaleari begira eta begira, konturatzen zara dena ez dela itxuraz dirudiena. Zerbaitengatik izango dela saharauien kantarik gustukoena Manu Chao-ren Clandestino. Eta poliki-poliki konturatuko zara itxuraz gertatzen ez den guztia, gaueko iluntasunaren gortinapean gertatzen dela. Hor aurrean eserita dagoen hori ez dela tea hartzen hari den gizon soila edota, bazkaltzeko haragia saldu dizun hori harakina baino askoz ere gehiago badela. 

Oinutsik futbolean jolasten ari diren gazte horien, zein hitzik esan gabe olibondo baten azpian arratsaldea pasatzen duten zaharren istorioak entzuten hasiko zara, edota kalera irten baino lehen atea erdizka ireki eta pare bat minutuz zelatan egiten duen bizilagunaren lagun egingo zara eta ezer ez gertatzen ez den hiriko biztanle horien istorioak ezagutu ahala, konturatzen zara hemen, begi bistaz ikusten dena baino mila gauza gehiago direla ezkutuan egiten direnak. 

Eta poliki-poliki, leihotik begira edo lagunekin berriketan, nire memoria pobreak ere ahaztuko ez dituen biografia eta kontakizunak pilatu ditut. Arkumeen zintzurra mozteaz bizi den gizona; mila bider torturatutako preso-politikoa; auto, tabako, kokaina, alkohol eta edozer gauzaren kontrabandista; errepublika bateko presidentearen arreba; motorra izorratuta zuen pateran, astebete igaro eta itsasoaren erdian erreskatatu zuten 15 urteko gaztea; desertuaren erdian gameluak eta ardiak hazten dituen artzaina; Kanarietara bi bider pateraz joan ondoren, Espainiatik ezagutzen duen gauza bakarra kartzela den gizona; aitona esklabo izan zuenaren iloba; haurdun zelarik Marokoko poliziak emaztea jipoitu eta sortzetiko malformazioak dituen umearen aita; hau irakurtzen duzunerako Kanarietan edo itota egongo den gaztea; urtean hamar hilabetez marokoarren irainpean lan egitera “kondenatuta” dagoen arrantzalea; eta batez ere, askatasunarekin amesten eta hura lortzeko egunero borrokan diharduten gazteak ezagutu ditut. 

Honezkero baina, atzean utzi ditut malkotan leihotik agur esan didan familia maitagarria, nire aurrezkien puska bat eta bizitza hobeago baten bila doazenentzat, nire arropa tekniko beroa. Hala ere, bidaiatzeak duen txarrena adioak direla dakidan arren, badakit edonora noalarik ere, den-dena ez dela atzean uzten eta gizon-emakume horien maitasun puska bat nirekin eramango dudala betiko. 


PD 
Barkatuko didazue gaurkoan gustatu baino gutxiago idaztea, baino…belaontzi bat dut nire zain. Dakarretik gehio.

1 comentario:

  1. Zoragarria Jontxu, asko emozionatu nauk, ze nolako sensibilidade, argia gainera, luxo bat hi ezagutzea.

    ResponderEliminar