Goizeko zazpiak eta hiru, hamar minutuz
atzeratutako nire erlojuan. Luze egin dut lo gaur. Guinea Bissau-n ez dago sare
elektrikorik eta altabozik gabeko meskitako imanaren eztarria ez da ni
esnatzeko gai izan. Egunak argitu badu ere, kanpoan hotzegi dela esaten ari
zait nire sudur handiegi eta mukitsuak. Ohi bezala beraz, beste ordu erdiz
gelditu naiz xixarearena egiten lo-zakuan barrena bueltaka, tximeleta bilakatu
den harraren moduan, kanpin-denda ireki eta ahozabalka besoak luze-luze zabaldu
zaizkidan arte. Gogoak baino, oraindik ez dira nigan zabaldu… Kremaileraren
hotsa entzuterako, iskanbila batean hurbildu zaizkit dozena erdi bat ume, denda
barruan ditudan tramankulu guztiak kuriositatez aztertu eta algara ozenegiaz, eguna
hasi dela gogoraraziz. Artean, alferkerietarako aukerarik ez duten emakumeak
uraren bila habiatu eta hodei bat hauts harrotuz, lurra errazten ari dira.
Intentzio gutxi eta gogo gutxiagorekin
hasi naiz traste guztiak alforjetan pilatu eta bizikleta prestatzen. Kafesnean bustita ere, desertua den ogi
zaharra gosaldu ostean, bart, amatxo baten mimoaz eta emakume afrikar baten
efikaziaz garbitu zizkidaten arropak jantzi ditut (ez pentsa baino, arropak
beti besteek garbitzen dizkidatenik!). Pedalei eragiten hasi aurretik, eguneroko
lehen ariketa gisa filtroan zehar hiru litro ur pasarazi eta gero, etxekoak
agurtu eta errepide lau eta zuzenean habiatu naiz, oraindik goizeko begirada
galdua daramadala.
Tenperatura freskoengatik baino, (erdi) goiz
esnatzeko borondatea lehen bizikleta ordua ametsetan eta pilotu
automatikoarekin egiteagatik heldu ohi zait. Hala, begiak irekitzerako, 30
kilometro errepide gris eta monotono jan dizkiot gaurko egunari, emakumea
dirudien nire sabela erreguka hasi zaidanean. Eman eta eman eta inoiz asetzerik
ez. Afrikako platanorik handienekin ere konformatzerik ez! (Barkatu kariño mio,
Visak ere, Guinea-Bissaun ez du balio, baino trukean, kilo-erdiko arroz orgia
agintzen dizut arratsean). Kafesnea eta gurina bokadiloaz haren desirak baretu
gabe (orgasmoaren atarian uztearen antzekoa izan da), habiatu naiz berriro bide
ezezagunean barrena. Aurreko frakasoa gizontasun apur batez erremediatuko
dudalakoan, balentriazko ekintza militantea burutuz, bidegurutzean ezkerretara
egin eta lur gorri-gorrian sartu naiz (bihotza
ezkerrean eta gorria denaren kontu zahar horiek…), galipotari bizpahiru
astetarako agur esanaz. Hemendik aurrera, inor gutxik zapaltzen dituen bideetan
zehar galduko naiz.
Eguzkia ondo goian bada ere, zuhaitz
erraldoiek itzala egiten dute errepide estuan eta bero handirik gabe
kilometroak erraz pilatzen ditut hanketan. Konturatzerako, eguerdian ailegatu
naiz gaua pasatzea pentsatzen nuen herrixkara, non gizon on-on batek hiru
laranja erraldoi emanaz salutatzen nauen. Antza grazia egin dio bertako
hizkuntzan ikasi ditudan hiru hitz txoroak azentu kaxkarraz errezitatzeak, eta
laguntasun osoz, bere ataurrean atseden hartzeko gonbita luzatu dit. Ordu erdi
geroago, eskuetan plater bete arroza dakarrela esnatu nau mutiko txiki eta lotsati batek siestatik
(ohitura ONAK ez dira galdu behar!). Behingoz, bakeak egin ditugu nire
barrenetako emakumeak eta biok (exigentea izango da, baino zeini ez zaio
gustatzen horrelako orgasmoekin esnatzea?) eta egun polit bateko arratsalde
zoriontsuan abiatu gara biok ohian eder batean barrena.
Herritik atera eta berehala, eskuinetara jotzeko
agindu dit kartel zahar eta ia irakurgaitz batek eta zuloz betetako pista
kaxkar batean egin ditut hurrengo hogei kilometroak tximino eta koloretako
txorien artean. Que gozada! Iluntasuna
heltzeko ordubete falta dela eta dagoeneko txirrinda gainean bost ordu egin ditudala,
gelditu dut bizikleta herritxo batean. Orain betiko teatroa egin behar: herriko
buruzagia bilatu, nire abenturak kontatu, kakahueteak elkarrekin jan eta gaua bertan pasatzeko
baimena lortu. Ez zait gehiegi kosta Afrikako hamaikagarren Sarkozy aurkitzea.
Bularra ondo tente daramala topatu dut metro-erdiko gizontxoa Carla Bruni
pasiatzen, hor nonbait edukiko d(it)uen beste emaztea(k) afaria prestatzen dio(te)n
bitartean. Protokoloekin bukatutakoan, Afrikako futbol txapelketa dela eta, gizonak
eskutik naramala (ohitura musulmanagatik baino, atzerritarra berekin dagoela
herrian zehar ondo erakusteko) abiatu gara partida ikustera.
Malik bat, Ghanak huts, kanpina muntatzen hasi
naizenean. Agian partidua benetan aspergarria izaten ari delako, edo beharbada oraindik
futbolarekiko sukarrik piztu ez zaielako baino edozeinek esango luke
espektakulua telebistaren aurrean egon ordez, iritsi berri den atzerritarrak
ematen duela. Txikienak aurrean, altuagoak atzerago, korro ordenatu batean
ditut herriko ume guztiak, magoa txapeletik untxiak ateratzen ibiliko balitz
bezala, nire etxetxoa, ohea eta gainontzeko tramankuluak motxilatik nola ateratzen
ditudan begi txuri borobilez kontenplatzen.
Partiduaren bukaera ikustera bueltatu
naizenean, telebista itzalita aurkitu dut. Izan liteke futbolzale
amorratuarenarentzat (hau ahoskatzea ere naturala izango da ezta?) ere partida
aspergarria suertatzea, edo baliteke (posibleago) generagailua gasolinarik gabe
gelditu izana baino, han atzetik datorren iskanbilara hurbildutakoan, udaletxeaz
daukaten zuhaitzaren azpian topatu ditut gizon guztiak biltzartuta. Antza, bada
berehalako deliberazioa eskatzen duen epaiketa baten beharra. Bi dozena gizonen
artean emakume bakarra, akusatzailea. Epaileen artean bakarra ere ez (emakumeek
ez omen dute juiziorik) eta auzia “asunto domestikoak” (uler adar kontuak).
Gizon guztiek dute gainontzekoen isiltasunaz errespetatutako hitz egiteko beta,
memoria perfektuaz, dozena erdi bat mugikorrek betiko grabatuta utziko dutena. Zipitzik
ulertu gabe ere, oinutsik harritzar bati eman dion ostikotik ondorioztatu dut
senarrak ez duela ondoegi hartu epaiaren erabakia. Emaztea berriz, irribarre batez joan da etxera
(deskuidatuz, senarrari afaria prestatzera joango da).
Kanpinera bueltatu eta lokartu baino
lehen, errege magoek ekarritako liburuari azken orrialdeak jan dizkiot eta
orain, euskarazko liburu bat geratuko da betiko inork irakurriko ez duen
herrixka batean (hizkuntza aldrebesetan abilak, ziur euskaldunok baino hobeto
ulertuko luketela euskara …norbaitek irakurtzen irakatsiko balieke).
Ze polita.
ResponderEliminarJode Jontxu, ¿nondik hainbeste kalidade?
Merçi