miércoles, 27 de marzo de 2013

Beste egun bat Afrikan


Goizeko seiak eta laurdenetan jo du lehen aldiz alarmak, bost minuturo errepikatuz, azkenekoz, bederatzietan itzali dudan arte. Gorputz txarrarekin hasi dut eguna Freetown-en, Sierra Leonan, eta arima pixka bat berpiztuko nuelakoan, 10€-tako luxuzko gosaria hartu dut lehen aldiz bost hilabetetan. Itsasoari begira eta larruzko sofan, ezin luxutik plazera bilatu nire bakardade osoan eta irribarrerik gabeko aurpegiarekin hartu dut txirrinda berriro infernuko beroaren azpian.

Hiru ordu beranduago iritsi naiz paradisuko hondartzara: palmerak nonahi, hondartza txuri amaiezina eta mila metroko mendi zerratuak bizkarrean. Iritsi eta txirrindatik jaitsi bezain pronto, ondo merezitako bainu bat hartu gabe eta palmerak begiratu ere egi gabe, itzaletan etzan naiz lotara. Lehenengo aldiz paradisuan egotea eguneroko bilakatu zait eta nomada hutsa izan nahi ez duen bidaiari batentzat, ez dago ezer plazerra rutina bihurtzea baino katastrofikoagorik. Ez dago seinale argiagorik etxera bueltatzeko ordua iritsi dela adieraziko didanik. Eguzkia itsasoan itzalitakoan deitu dut etxera notizia emateko: “Ama, maiatzerako han naiz”. Pozik eskegi du amak. Nik ez, eta negar egin dut Afrikako izarren azpian.  

Kanpinera bueltatutakoan, bero da, beroegi, eta susmo txarra hartuta motxilaren sakonetatik atera dut botikina. Besapetik termometroa irakurtzerakoan, zera dio: bakardadea askatasuna da, sufrimendua biharko harrotasuna, negarra humano egiten zaituena, 38.7 ºC, Aupa Hi!!!

Sukarra besterik ez da eta paradisuko Afrikan lokartu naiz berriro, etxera bueltatzeko erabakiaz damutzeko beranduegi dela.

…baino ez naiz damutzen.

Bidaiatzea beti hartu izan dut jardun akademikotzat, curriculumean agertuko ez den doktoretza egitearen moduko zerbait.Eta ikasketa guztiekin bezala, bukatutakoan ikasitakoari ahalik eta zuku gehien ateratzen ahalegindu behar da, munduaz eta batez ere norberaren buruaren ezagutzaz ikasitakoa praktikan jartzen jakin beharrekoa. Bestela, nomada eternoa ikusle huts bihurtzen da, liburu eta paper artean galduta dabiltzan teoriko, doktore eta aditu asko bezalaxe. Horregatik, badakit nire abentura hau ez dela eternoa izango eta ikusle/ikasle izatetik, aktore izateko ordua iritsiko dela.

Hori bai, gauzak patxadaz. Nire lehen lan eguna Maiatzaren 1a deklaratzen dut, egun sakratua langile(o)ntzat!

No hay comentarios:

Publicar un comentario